XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

45 Nafartar artzain Iratin gaindi.

Ez dira guti xoratu Nafartar artzain horiek Irati mendirat heldu direlarik.

Alabainan, Alsasu, Etxarri-Aranaz aldeko artzain elkarte batek ibilaldi bat antolatua zuen, Ipar aldeko artzainen ezagutzeko eta hemengo mendietan ibiliz, ikusteko artzainen bizi moldea.

Ibilaldi horren helburua ongi finkatua zuten: etziren batere kurios artzain koperatifa edo gasna egiteko lantegien ikustea, ezen alde hortarik hemen baino abanzatuago baitira; hunarat etorriz, nahi zuten bakarrik artzainekin harreman zonbeit hartu geroari buruz.

Egia erran, jadanik, ezin uka, Hego ta ipar aldeko artzain zonbeiten artean, koperatifa batzuen bidez, harremanak badira sustuz Gipuzkoako aldetik.

Bainan Nafarrako aldetik ez da usatzen hemen gaindi artzain elkarte bat bere zuzendari, teknikalari ta artzainekin etortzea.

Erran behar da ere, talde hortako gehientsiek lehen aldia zutela, Ipar alderat etortzen zirela; ez baitira guti harritu Garaziko mendi eder horiek ikustearekin.

Segur eguna ezitaken ezin hobeagoa izan, ibilaldiaren ontsa iragaiteko: iguzki eder bat, hegoa ez sobera azkar, eta gainerat mendi, oihanak larrazkeneko sasoinak emaiten duen edergailuez estalia: kanpo itxura berak ez zuen ongi etorri hobeagorik egiten ahal artzain horier.

Iratiko sorhorat heldu beizen laster, askari on bat eskainia izan zaiote, segur estimatu baitute, hiru oren bidean ibili ondoan.

Gero, segidan, Oraate-ko etxolarat iragan dira.

Zer plazerra harat heltzean, horgo bi artzainen ongi etorria, eta zoin ongi prest ezarriak zituzten gauzak, ongi etorri hoberenaren egiteko: lehenik deiz korala berriaren ikustea; gero antzu koralean zauden artaldearen begistatzea: ez baitira guti gustatu ardi muturbeltz eder horien ikustea.

Pentsa bazenez galdera arraza horren gainean.

Gero, nahi ukan dute begi kolpe bat eman artzain etxolari: bixtan dena Nafarrako artzain etxolak ikus eta, hemengoak liferent direla.

Artzainaren gasna denek jastatu ahal izan dute, segur estimatu baitute.

Zer kuriostasun ez dute erakutsi artzain horiek: gasna egiteko moldea, ontzeko tokia, iraupena, salpena....

Gain hortako egonaldia gustukoa kausitu dute, beren artzain bizi moldeari konparazio bat eginez, eta kausitu dute zer berdintasun baden: mendiak eta tokiak desberdin badira ere, bada ainitz adostasun bizi moldearen gainean.

Nehor ez zagon presaturik hortik partitzeko, bazterrak ikusiz, berriz berant pixka batekin, arratsalde erditako heldu dira bazkal tokirat: horrarat etorriak ziren artzain zonbeit eta horietarik Orbaizetako sei artzain.

Zer goxotasuna elgarrekin ezagun egitea.

Omore onean iragan da bazkari hori; bainan tenorea neurritua zuten.

Asteria hurbildua eta oraino bi zelaiko arditegi ikusi nahi, bat Arrosan Irungaraiako arditegia eta bertzea Ortzaizen, Murgiartekoa.

Pentsa hor ere bazutenez gostuko ainitz gauza ikusteko: ardi bazkatzeko molde berriak bazuen segur so egile.

Ibilaldi bat ezinago baliosa denentzat: lehenik mugaz bi aldetako artzainen artean lokarri berri batzuen sorarazten; hori da gauza baitezpadakoa, geroari buruz, elgarrekin lanean ari behar bada, artzain ofizioaren begiratzeko eta azkartzeko.

(Ondoko astetan idatziko dugu artzain elkarte horren koperatiba nola kudeatzen den eta gero, Garaziko artzainen bizia ikusiz, Nafartarrena nola iragaiten den).

Irati-ko artzaina.